HilHerri Bizi
2016-11-01 / 2017-06-30 Lauizeta Ikastola < Donostia / San Sebastián



Lauaizeta ikastolako lagunekin eginiko proiektua Eskola Aldiriak deialdiaren baitan

Eskola Aldiriak 2016/2017 deialdian aukeratua izan zenetik, HilHerriBizi proiektua forma hartzen joan da. Lauaizeta ikastolaren ondoan kokatzen den hilerria da, proiektu honetan, eskola eta auzoa elkartuko dituen eremua. 

Proiektua fase ezberdinetan banatu da. Lehen fasean, 2016ko urritik abendura arte, ikastolako irakasleek eta Tabakalerako hezitzaileek eratutako lantaldearen artean proiektua ko-diseinatu da. Testuingurua hilerria izanik, zabala izan da hasiera batean gure aurrean zabaldu zaigun lanerako eremua, eta hiru gaien inguruan mugatzea erabaki dugu: memoria, dolua eta espazio fisikoa. Horrela, irakasleek gai hauek kontutan izanda, euren eduki eta ikasgaietan zer eta nola landu erabaki dute. Aldi berean, praktika artistikotik abiatututa, ikerketa bat garatu dugu ondorengo galderari erantzun nahian: Nola imajinatzen duzue etorkizuneko hilerria? Hasierako hausnarketa fasean ikasleek bide ezberdinak aztertu dituzte, eta hilerrien ezaugarri, funtzio edota iruditegiei erreparatuta, hilherriek etorkizunean zer nolako itxura izen dezaketen lantzen joan dira: hilerriei lotutako sinbologia, soinuak, gorputzaren eta lengoaiaren performatibitatea, edota espazioa bera. Ikasleen interesetatik abiatuta, eurek ikertu eta eraldatu nahi izan dituzten alderdiekin loturak eraikiz, lau artista gonbidatu ditugu eurekin lan saio batzuk dinamizatzera: Mario Paniego, Miriam Isasi, Aitor Izagirre eta Nerea De Diego. 

Prozesuaren osotasuna jasoko duen esku-hartzea egingo dugu hilerrian eta ekainaren 17an, Ikastolaren jai egunarekin bat eginik, eskola komunitateari aurkeztuko zaio.







 Hilerriko geure soinuak (20,12 min. : soinua ; 78.3M ; Download .flac .ogg)
Soinu pieza hau hilHERRIbizi proiektuan Lauaizeta Ikastolako 2. mailako ikasle talde batek egindako lana da. Proiektuaren testuingurua hilerria izanda, soinuaren bitartez bertako soinu maparen gainean euren ahotsekin esperimentatu egiten dute. Lan honetarako Aitor Izagirre artistaren laguntza egon da, teknikoki bai kontzeptualki ikasleekin batera lan egin duena.

  •  Izenak urteak... fran man ko je ton (12,30 min. : soinua ; 53.6M ; Download .flac .ogg)
  • Soinu pieza hau hilHERRIbizi proiektuan Lauaizeta Ikastolako 4. mailako ikasle talde batek egindako lana da. Proiektuaren testuingurua hilerria izanda, eremu horretan agertzen ziren datuekin jolas bat proposatzen da non lengoaiaren performatibitatearekin lan egiten den. Soinu grabaketa honetarako ikasleek Aitor Izagirre artistaren laguntza izan dute.

  •  Polloe, pasabide, pasadizo (12,52 min. : soinua ; 55.0M ; Download .flac .ogg)
  • Soinu pieza hau hilHERRIbizi proiektuan Lauaizeta Ikastolako 2. mailako ikasle talde batek egindako lana da. Proiektuaren testuingurua hilerria izanda, eremu hau auzoarekiko duen harremanean arreta jarri dute. Bertan, auzokideei egindako elkarrizketak jaso egiten dira baina modu esperimental batean. Horretarako, Aitor Izagirre artistaren laguntza izan dute.



    Hilerriko (geure) Soinuak. Ohar batzuk

    Tabakalera / Hilherri Bizi / Lauaizeta (2017)


        Hilerria zer den eta nola bizi dugun galderetatik abiatuz jolas-joko berberaren bariazioak proposatu nituen. Soinuaren esparrura mugitu gara galdera horien inguruan jarduteko. Zer eta nola entzuten dugu? Zer desberdintasun dago soinuei arretaz entzuten diegunean (aditzen dugunean) eta entzun baino ez dugunean egiten? Nola aldatzen da gure mundua ulertzeko modua soinuei erreparatzen diegunean? Irudi bisuala nagusi den garai honetan, soinuak atzetik aurrerantz ekarriz, paisaiaren soinuak eta soinu paisaiak aztertu ditugu.


        Hilerriaren inguruan hausnartu nahi dugu oraingoan. Izan dena, izan daitekeena... soinuaren bitartez; pentsatu eta imajinatzeko abiapuntu berezia. Zeintzuk dira kanposantuaren ustezko soinuak?, edonork suposatzen duen soinu paisaia? Normalean, erabateko isiltasuna espero dugu zenduei eskainitako lursailean. Baina, gaur benetan topatu dugun soinu-irudia, oso bestelakoa da. Bizirik gaudenok geure jarduerekin aurrera jarraitzen dugu, geure soinuz hilerria betetzen. Beraz, zein da hilerriaren benetako gaurko soinu paisaia? Autopista eta errepideen burrunbak etengabe entzuten dira, hegazkinen erreaktoreak noizbehinka, lurzoruko hosto lehorrak mugitzeko haize-makina egunero martxan, hiriaren urruneko marmarra, ahotsak, langileen oihuak, etab. Soinu eta zarata horietatik, zeintzuk dira geuk dakarzkiogunak hilerriari? Zein da geure presentziaren soinua? Gure jardunaren doinua? Zein da gure ekarpena hilerriaren (munduaren) soinu paisaiari?


        Bi talde ezberdin eta talde bakoitzean beste hainbat azpitalde mota (DBHko 4. eta 2. kurtsokoak): bakoitzak modu pertsonalean entzuten du, entzumena fisiologikoa eta psikologikoa baita. Zer egin dezakegu elkarrekin entzuteko moduak eta interesak desberdinak direnean? Soinu grabagailua izan da geure instrumentua. Grabagailuak, mikrofonoak eta anplifikadorea dauzka barnean. Mikrofonoen ezaugarriak eta bolumena aldatuz, aurikularren bidez hilerriko soinu paisaian sakontzeko aukera daukagu. Gure entzuteko ahalmena sustatu, belarrien norabidea aldatuz, gibeletik entzun, etab. Lehenik, entzuteko ariketa batzuk, beroketa modura. Grabatzeko jolasak gero. Arau sinpleetatik abiatu material zehatz batzuk lortzeko asmoz. Jolas bakoitzari dagozkion materialak karpeta berezietan gordetzen ditugu. Talde bakoitzean lau ariketa desberdin egin ditu (minimo) lau material mota ematen dizkigutenak.


        Edizioa dator gero. Material mota bakoitzeko pista luzea sortu, isiluneak tarteka. Ditugun bi belarriak separatuz arreta eta entzumena zorroztu daitezke: batetik grabaketa batzuk entzun, bestetik beste mota batekoak direnak (guk apropos egindako soinuak, parte-hartzerik gabeko soinu paisaia...). Pista bakoitza estereoaren muturrera eraman; L ala R, ezkerra ala eskuina. Pisten arteko sinkronia eta asinkroniarekin jolastu. Hortik kalan berria sortu eta, berriz, beste kalan batekin pieza berria sortu. Zuhaitzaren adarren estruktura daukan pieza sortzen dugu.


        Arkitektura berezia da hilerriarena. Hileta arkitektura (Arquitectura fúnebre gazteleraz) kontzeptu paradoxikoa badirudi ere arkitektura oso bat gidatzen gaitu kanposantuan. Kaleak, murruak, kaperak, hilobiak, monumentuak, lorategiak, etab. Arkitektura horren paisaian mamuak eta espektroak arrapatu daitezke grabagailuarekin eta kakofonien oihanean izan zirenen ahotsak aditu. Eurenak eta geureak antzeko tankera baitute; ahotsak, hitzak, oihuak, garrasiak, aldarriak, zurrumurruak... aldi berean ala tarteka, belarri batetik edo bietatik. Zuhaitz eta zuhaixka guztiak berdinak diren mugarik gabeko basoan bezala, halaber, gu historiaren tarte motzak, denbora unibertsalaren izpiak, gorputz erresonanteak. Aurikularrekin bakarka, edo bafleetatik taldeka eta solasaldian entzun ahal dira sortu ditugun soinu-piezak.

    Aitor Izagirre / Loty Negarti



    + info: http://makusi.tabakalera.eu/ver?id=2823&type=2&query=hilherribizi&categoria=1


    <<<<