Everyday Aesthetics
Yuriko Saito
Oxford: Oxford University Press, 2007, xiii + 273 or.
Aipatu nuen aurreko batean1 gaur egungo estetika filosofikoan, artea eta estetika bi gauza ezberdin bezala hartzen direla. Teoria estetikoak aldatuz joan dira azkenengo urte hauetan. Artearena, teoria estetiko filosofikoak azter ditzakeen esparruen arteko bat baino ez dela ere esaten nuen (interesgarrienetariko bat seguruenik, baina bat besteen artean). Ingurumenaren estetikaren banderadun den Alen Carlsonen lana ezberdintasun hori ongi ikusteko adibide ona dela aipatzen nuen orduan.
Ingurumenaren estetikak dituen aspektu interesgarrien artean dago, dudarik gabe, estetikaren eremu teorikoa artearen ertzetatik harago eramatea. Eta horrela, estetikaren kontzeptua bera, era egokiago batean ulertzeko moduan ipintzen digu. Baina ingurumenaren estetikaren mugen barruan (gizakiak naturarekiko dituen harreman estetikoak aztertzean) gerta daiteke paisaia eta ingurumen naturala ikerketa objektuaren arreta erabatekoa izatea. Eta horrela, lehenago arteak teoriarengan zuen eragin itsugarriaren antzeko zerbaiten aurrean egongo ginateke berriz ere. Horregatik da hain garrantzitsua artearen ertzetatik harago abiatzerakoan, bidearen muturreraino iristea. Eta horrek izan behar du eguneroko estetikaren (aurrean EE) eginbeharretako bat.
Egon badaudelako naturarekin, paisaiarekin, edo artearen estetikarekin zerikusi handirik ez daukaten gauza asko, baina estetikaren eremuaren barruan kokatu beharko genituzkeenak. Eta hori, hain zuzen ere, egunerokotasunean, objektuekin eta giroarekin gizakiok ditugun harremanetan estetikak paper garrantzitsua jokatzen duelako. Hau egun askok defendatzen duten zerbait da, eta baita teoria estetikoaren aurrerapenaren sintoma ere. Eguneroko estetika horren teoriaren hedaduran ez dago objektu pribilegiatu bat bakarrik (arte lanak, natura, eta abar), baizik eta estetikaren ikuspegitik azter daitezkeen objektu ezberdin ugari. Askoz ere zabalagoa eta oinarrizkoagoa den zerbaitekin gabiltza gaur egungo ikuspuntu horretan. Eta zabaltasun horrek benetan oinarrizko aspektuetara eraman behar gaitu, arazo berriak sortuz eta arazo zahar asko, bide batez, suntsituz.
Yosemiteko parke naturaleko ur-jauzi erraldoi, Amazoniako oihan mugarik gabeko, Rembrandten margo edo Beethovenen sinfonietatik at, eguneroko esperientzia arruntean bizi ditugun fenomeno askoren artean estetika filosofikorako adibide onak ere aurki ditzakegu. Horren kontu eman dute azkenengo urteetan ingurumen estetikaren gorakadarekin batera (batera, baina beste ildo batetik), eguneroko estetika lantzen hasi diren beste ikerlari askok. Horren adibide on eta ezberdinak dira Jonathan Smithek eta Andrew Lightek argitaratutako The Aesthetics of Everyday Life, edo Katia Mandoki mexikarrak idatzitako lan ezberdinak Estética Cotidiana edo Prosaica titulopean. Eta esan beharra dago, sortu berria den eremu honetan izen bat nabarmendu behar dugula: Yuriko Saito, azkenengo urteeetan lan asko egin baitu honen inguruan Japoniako kulturaren analisitik abiatuz.
Yuriko Saitoren kokaera kultural eta teorikoa eskuartean daukan projektua aurrera eramateko guztiz aproposa dela dirudi. Alde batetik, Tokion ikasi zuen filosofia (tradizio mendebaldekoan), eta geroago naturaren apreziazio estetikoari buruz egin zuen doktorego tesia Estatu Batuetako Wisconsineko unibertsitatean. Beste aldetik, bere jatorri kulturala Japonian izateak pribilegiozko perspektiban jartzen du zentzu batean, mendebaldeko tradizio artistiko eta estetikoak, historian zehar, arte ederren eta eskulangintzen artean sortu duen mozketa zorrotza ez delako hain gogorra izan ekialdeko kulturetan, eta konkretuki Japonian. Zentzu batean ez dela existitu esan dezakegu. Saito urteetan zehar japoniar kulturaren estetikaren ikerlari eta horren irakasle izan da Rhode Island School of Design izenekoan. Modu kritiko eta analitikoan egin du lan hori. Eta badirudi kultura horretan aurkitu izan dituela adibide ugari eta onak, hainbat urtetan zehar ingurumenaren apreziaziotik egunerokotasunaren estetikaren esparrura iristeko. Liburu honetan aurkezten dizkigu urte horietan egindako ibilbidearen emaitzak. Beraz, artetik atera eta ingurumen naturalaren estetikara doan bidetik abiatuz, egunerokotasunaren aspektu estetikoetara iristen den ibilbide baten aurrean gaude.
Everyday Aesthetics titulopean EEra hurbilketa egiten du. Egileak liburuaren amaieran ohartarazten digun moduan, lanaren helburua ez da hori baino: gaira sarrera ona egitea. Liburua sarrera batez, bost kapituluz eta konlusio batez osatuta dago. Saitok hitzaurrean margotzen digun paisaiaren aurrean jarrita, batek sentitzen duen poza handia da, ematen duelako funtsezko arazo ugari konponduko dituela. Baina esan beharra dago, geroago, testuaren barrena sartzen garenean sentitzen duguna baino handiagoa dela lehendabiziko poz hori, kapituluen garapenenan ez duelako agindutakoa hain ondo betetzen. Hau aurretik ohartaraziz, esan behar da ukitzen dituen puntuak, behintzat, ukitu beharrekoak direla.
Lehenengo kapitulua salaketa batekin hasten da, eragozpen baten salaketarekin. Gaur egungo estetika filosofikoaren diskurtsoak nagusiki bi motatakoak direla dio. Lehenengo motakoak interesa artean soilik daukatenak dira; bigarrenekoak esperientzia berezi batean (hots, esperientzia estetikoan) zentraturiko diskurtsoak dira. Bi eredu hauek beste fenomeno estetiko askoren azterketarako oztopo direla pentsatzen du autoreak. Artean oinarrituriko teoria estetikoak erabat murriztuak geratzen direla uste du. Artetik datorren teoria estetikoak ezin du beste adibide askoren aurrean era aproposan konturik eman. Artistikoak ez diren objektu estetikoak, artistikoak direnen azpitik daudelaren ideia dago. Egon daitezke eguneroko bizitzan estetikoki errelebanteak diren elementuak, artean oinarrituriko teoria estetikoetan errelebantetzat hartzen ez direnak. Artean oinarrituriko estetikak eredu kontenplatiboak indartzen ditu, baina eguneroko estetikak kontuan izan behar du oso interesgarria den kasuen bilduma: ekintzetara mugitzen gaituzten eguneroko zenbait kontsiderazio estetikoena, hain zuen. Hau da, eragin estetikopean gaudela geure egunerokotasunean ekintza ugari aurrera eramaten ditugunean. Eta hori artearen teoria konplexuen edo aparteko esperientzia estetikoez guztiz aparte. Neurri arruntago eta ohikoago batean gertatzen da hau.
Argi ikusten da honekin eguneroko estetika ez datorrela artean oinarrituriko teoria estetikoei aurka egitera, horiek osatzera baizik. Marko teorikoa zabalagoa aurkezten du, funtsezkoagoak diren egoera eta gertaeretara joz. Bigarren motako teoria nagusiak dira esperientzia estetikoan (esperientzia berezi eta ohiz kanpoko batean) oinarritzen direnak. Ideia honen ondorio nagusienetariko bat da arte lanetatik aldentzen gaituela, baina, aldi berean, egoera oso berezi eta mugatuetara murrizten gaituela. Esperientzia estetikoak ez ditugu artearekin bakarrik izaten, baina ezta edozein gauzarekin edukitzen ere, diskurtso hauen arabera. Saitok, bi aukera nagusi hauen aurrean, hirugarren aukera bat proposatu nahi du, askoz ere zabalagoa eta oinarrizkoagoa aldi berean. Horrek, nire ustez, ondorioak izan behar ditu teoria klasikoetan, estetikaren ontologiarako bidean gaude eta. Baina lehenengo kapitulu honetatik hasita, eta liburu guztian mantenduz, askotan nahasten du Saitok EEz hitzegiterakoan “estetika” disziplina filosofiko bezala, “estetika” modu sustantiboarekin. Eta estetikaren oinarriak jarri nahi baditugu bereizketa hauek lehenengo momentutik egin beharrekoak dira.
Bigarren kapituluan, EEren beharra arrazoi pragmatikoak emanez defendatzen saiatzen da. Esan dugunez, EEk inplikazio serioak dauzka eguneroko bizitzan: ekintza arrunt askotan hain zuzen. Inplikazio horiek egiten ditugun judizioetatik datoz gehien bat. Ingurumeneko ondorioak hartzen ditu adibide gisa. Egiten ditugun judizio estetikoak ingurumenean eta gauzetan sortzen dituzte aldaketak, ekintzak eragiten dituztelako, hain zuzen ere. “Estetikaren boterea” deritzo ideia estetikoek munduan aldaketak eragiteko daukaten botereari. Eta hau ez natura mailan bakarrik, gizarte mailan ere bai. Lege askok ideia edota judizio estetikoetan oinarria dutela pentsatzen du. Lege batzuek animalia batzuk babesten dituzte eta ez beste batzuk (ugaztunak eta ez insektuak adibidez, 61or.). Eta beste zenbait arau edo lege (grafitiaren aurkako legeen adibide interesgarriak ematen ditu), gertutik ikusten baditugu ez daukate arrazoi teoriko handirik (estetika aparte). Gure kontsumo ohitura askok ere estetikan dute oinarria, eta ohitura horiek natura eragiten dutenez, hortaz, gradu batean hau estetikaren eragina dela uler dezakegu. Ematen dituen adibideen arteko bat, kontsumitzaileen zura exotikoen nahia da (65 or.) eta horrek oihan hezeetan duen eragin zuzena.
Platonek berak ikusi zuen aspaldi estetikak ekintzak baldintzatzeko duen botere iluna (berak iluntasunez begiratzen zuen, behintzat). Baina eskertzekoa da, gaur egun (eta Saitoren liburuan primeran ikusten dugu), estetika eta artearen arteko ezberdintasunak egin ondoren, daukagun argitasun teoriko berria. Platonen garaian ez baitzen estetikaz hitz egiten, ezta arteaz zentzu moderno eta orokorrean ere, baizik eta poesiaz eta musikaz soilik. Saitok gradu baxuago batera apuntatzen du: gure egunerokotasunean, gure ekintzetan, eragiten dituzten judizio, hobespen eta gustuetan baizik. Jendearen erreakzio estetikoak ekintzak baldintzatzen ditu. Erreakzioa ona bada, (hau da, baikorra) orduan gauza (objektua) babesteko eta sustatzeko ahaleginak egiten ditugu. Erreakzioa txarra bada, orduan, axolagabezia, arduragabekeria, aldaketa, suntsiketa etor daitezke ondorio bezala. Batzutan konzienteki erabiltzen dugu gizakiok estetikaren eragin hau, besteetan konzientziarik gabe.
Oso gutxitan aztertutako fenomenoaz, giro edo objektu baten “berezitasun distintiboaz” dihardu hirugarren kapituluak. Adibideak XVIII. mendeko estetika britaniarretik eta Japoniako estetikatik hartutakoak dira. Zer da objektu bat balioesterakoan berezitasun distintiboa nabarmentzea? Hemen dagoen dimentsio morala aztertzen du, ikusiz, nola apreziazio estetiko horretan, objektuarekiko daukagun harrerak zer jarreran jartzen gaituen objektuaren atributuen aurrean: errespetuko jarrera edo errespetu faltako jarrera moral berezian, adibidez. Objektua bere termino propioetan ikusten dugulako (hau zen Saitok aipatzen zuena Carlsonen liburuan2, natura apreziatzeko jarrera egokia “bere termino propioetan” zegoela). Esperientzia estetiko positibo hau lortzerakoan objektuengan elementu moralak gehituz egin behar dela dio. Japoniar kulturan hain garrantzitsua den giroaren ideia gogoan hartzen du jarraian. Askotan, estetikoki ederretsi egiten ditugun gauzak ez direla objektu konkretoak, inguruak edo egoerak baizik. Giro hauek batzen dituen zerbait daukate, gure judizio estetikoen pean jauzten direnean.
Japoniar Kulturan zenbait ekintza arrunt edo giro “estetizatu” egiten direla esaten digu, eta estetizazio horrek ospakizunaren kutsua daukala. Baina ez daukagu “estetizazio” horren ideia argirik buruan, ez dakigu ekintza bat den eta izatekotan zer moduko ekintza. Hemen morala eta estetikaren arteko erlazioak ez dira batere argi azaltzen, baina argitu beharrekoak direla dirudi, ekartzen dituen adibideak ikusiz, gogorrak benetan. Alemania Naziaren estetikaren eginkizuna jendearen erabileran, eta gauza bera bigarren mundu gerran Japoniako ejerzitoarekin.
Laugarren kapituluan, egunero ohituta gauden zenbait esperientzia hartzen ditu adibide gisa, EEren garrantzia teorikoa ikusteko. Iragankortasun “lege existentzialarekin” (horrela esaten du) lotutako zenbait judizio estetikoren analisia egiten du. “Garbia”, “ordenatua”, “zahartuta”, “zikina”, eta iragankortasunarekin zerikusia daukaten antzerakoak. Ezerk ez du berdin irauten, dena aldatuz doa. Baina gizakiok esfortzu handiak egiten ditugu gauzak berdin irauteko, edo, behintzat, beren momentu onenean dauden eran irauteko ahalegintzen gara. Hori arrazoi funtzionalak direla medio egiten dugu askotan, baina arrazoi estetikoak direla ere esaten digu Saitok. Gauzen ezaugarri optimoak mantetzea nahi dugu. Gertatzen diren aldaketak, “kualitate estetikoetan” bereziki nabarmenak egiten dira Saitoren ustez. Logela garbitu, idazmahaia taxutu, hautsa kendu, gure burua apaindu, belarra moztu eta abar dira adibide onak. Ekintza hauen guztien atzetik, zenbait uste eta jarrera estetiko dagoela pentsatzen du. Besteek guregan eratzen dituzten itxuran oinarritutako uste, ideiak eta judizio moralak, zenbaterainoko neurrian osagai estetikoa daukaten galdetzen dio bere buruari. Gure erantzunak zahartzearen eta desordenaren aurrean bi mutur dauzka. Alde batetik ezinezkoa den gauzen kurtsoaren erabateko kontrola. Beste aldetik gauzen iragaitearen aurrean lagatze erabatekoa. Bigarren kasu hau aztertzeko britaniar picturesque-a eta japoniar wabi kontzeptuak erabiltzen ditu. Eta bien erdiko jarrerak gero. Ildo honetatik sartzen da benetan problematikoa den gaian. Gauzen eta fenomenoen estetizazioaren bidez gizakiok gauza horiek ospatzen ditugu eta bere “termino propioetan” onartu. Baina orduan, ordena sozial injustuen aurrean, edo botere gehiegikerien aurrean EEak erabat akritiko eta arriskutsu agertzen da. Hori dela eta, estetika eta behar ez bezalako erabilera politikoaren arteko harremanak aztertzen ditu gero (Nazien eta Japoniar armadaren kasuen bidez, 195-196 or.). Eta batek faltan botatzen duena arrazionalitate eta estetikaren arteko analisi eta ganorazko hausnarketa da.
Bosgarren kapituluan, berak judizio estetiko-morala deitzen duena proposatu eta aztertu egiten du aurreko kapituluetan esandakoaren ondoren. Judizio hauen erlazioa aztertzen du egunero erabiltzen ditugun tresna eta sortzen ditugun giroekin. Propietate estetikoen bidez azaltzen diren bertute moralen judizioak dira: ardura edukitzea, arreta izatea, kontua izatea, sentikortasuna, errespetua, eta abar. Tresnen kasua hartzen du. Tresna horiek egiterakoan euren aspektu sumakorretan artisauak edo diseinugileak jartzen duen arretaz dihardu. Balore funtzionala daukate tresna horiek, baina judizio estetiko-moralen oinarria harago doa diseinuaren aspektu batzuen arabera. Materialei arreta handia jartzen zaie, adibidez. Gero, ardura estetiko eta funtzional hori komunikatzen zaio, erabiltzaileari (edo ekintza jasotzen duenari). Bere iritzian, Japoniar kulturan dagoen sentsibilitate estetiko hori moraletik ezin dezakegu ezberdindu, eta hori judizio estetiko-moralean oinarrituriko tradizioa delako. Ekintzetan, sorkuntzetan eta irizpenetan eduki behar dugun zerbait da, bere ustean, gizarte hobe baten bila, eta bizitza hobe baten bila bagabiltza. Bertute moralen espresio estetikoa dagoela kulturaren zenbait elementutan sostengatzen du. Pentsatzen dut oso interesgarria dela moralitatea, kultura, eta estetikaren arteko erlazio hau.
Bukatzeko, azkenengo kapituluan, ohartarazten digu egileak, ez zaiola erraz egiten konklusio argi batera iristea. Liburuarekin ez baitu, momentuz, EEren ikerketan sarrera bat baino egin. Baina bidea hasteko testua baldin bada, hobe izango litzateke aspektu oinarrizko eta funtsezkoetatik hastea. Eta hau tituluaren lehenengo zatiak, hau da “everyday” horrek, lortzen duela deritzot. Baina “aesthetics” bigarrenak anbiguotasun eta aldakortasunean jarraitzen du liburuaren bukaeran. Eta parte hori garrantzizkoagoa da aurrekoa baino. Ondorioa ez da, berez, ondorio logikoa (hasierako premisa argi batzuetatik, argumentu irmoen bidez, lortzen duen ondorio argia), baizik eta liburua amaitzeko idazte duen errepasoa, besterik ez. Eguneroko estetikari arreta eta denbora eskaini behar diogu egilearen ustez, harek gure bizitzan daukan ondorioen kontzientzia izateko. Estetika gizakion bizitzan ez dela huskeria bat ezta luxu soila ere, gure egoteko modua sakonki baldintzatu eta eragiten duen zerbait baizik. Gure eguneroko bizimoduarekin daukan lotura handia erakutsi beharra daukagu. “Estetizazioa” gehiegikeria izan daiteke eta ez da hori (“estetizatzea”) EEren bete beharra, bien arteko (arrunta denaren estetizazioa, eta estetikoki apartekoa dena arrunt bihurtzea) negoziazioa baizik, praktikotasunaren eta kontenplazioaren arteko oreka manten dezagun.
Aztertu dituen gauzak EEren zati txikia baino ez direla dio. Bigarren liburuaren zain jartzen gaitu orduan. Bere ideien eztabaida espero duela dio, halaxe espero dut nik ere. EEren barnean ikerketa egiteko beharraren garrantzia argi utzi duela espero du Saitok berak behintzat: gure bizitza estetikoaren aspektu egunerokoagoenetan begirada gelditzearen garrantzia. Ikerketa ildo honetatik zenbait gauza lortzen dugula dio: alde batetik artean zentraturiko teoria estetikoen gabeziak hornitzea, beste aldetik diskurtso estetikoak aberastu, eguneroko objektu eta fenomenoekin zer nolako harreman estetikoak dauzkagun aztertuz. Nahiz eta baliorik gabekoak iruditu, egunero hartzen ditugun jarrera estetiko ugarik izugarrizko eragina daukate guregan, geure ekintzetan eragina daukatela pentsatzen badugu. Munduaren egoera, naturalki eta sozialki, gure ekintzen bidez baldintzatzen dugu
Bide onetik abiatu dela Yuriko Saito liburu honetan esango nuke. Beste askok lotsakizunez eta erdizka markatu duten bide batean irmotasunez sartzen da. Japoniako adibide kulturalak, estetikoki hain urruti ailegatu den kultura baten ezagutza sakonak, esan bezala, egoera aproposean eta askotan pribilegiatuan kokatzen duela uste dut. Saito garbi urruntzen da artearen paradigmaz menderatutako estetika batetik, eremua beste elementu berri batzutara irekitzeko nahian. Hala eta guztiz ere, ez doa nire ustean estetikaren erro kontzeptualera, nozioaren analisi kritiko-linguistikoa egitera, eta honek daukan aspektu kognitiboak aztertzera. Eta hori izan beharko litzateke, nire aburuz, estetika filosofikoaren premiazko eginbeharra, esparru honen aukera teorikoak ongi aztertzeko. Hasieran estetikak artetik kanpo (artearen ikerketa baino zerbait gehiago delakoaren aldarrikapenari jarraituz) bere lekua bilatzeko eskakizuna egiterakoan, batek espero duena, gaur egungo zientzia eta filosofiaren lorpenak ikusita, horren justifikazioa eta defentsa egokia lortzeko erreflexio kognitiboa eta analisi linguistikoa dira. Baina ez dago halakorik Saitoren lanean. Erabiltzen duen lexikoan agertzen dira teoria estetiko baterako zentralak diruditen zenbait termino. Berak ematen die beharreko garrantzia hori bere teorian, baina aldi berean ez die behar bezalako analisi kritikoa (linguistikoa, epistemikoa) eskaintzen. Adibide ona, “propietate estetikoak” kontzeptuarena. Hasierako momentutik erabiltzen hasten da kontzeptu asko ulertuak izango balira bezala, horrela liburuak ematen duen aukera handia galduz.
EEn tentsio bat dago arlo deskriptiboaren eta normatiboaren artean. Saitok dauzkan arazoen arteko bat da poliki poliki doala bere diskurtsoa lantzen, argumentu logikoen laguntzaz, kontzeptu berriak integratzen, baina ailegatzen dela beti normatiboa den momentura, behar ez diren indukzioak ateratzen. Adibidez 202. orrian aztertzen du zenbateraino arduratzen gaituen besteei ematen diegun itxura. Giza talde baten parte garen neurrian baloreak konpartitzen ditugu, eta balore horien artean balore estetikoak aurkitzen dira. Horregatik itxuraren kezka, taldearen sentsibilitate estetikoan parte hartzen dugulako. Eta horren arabera barnerago edo kanporago kokatu gaitezke taldearekiko. Ez da gauza erraza balore horietatik kanporatzea, egiterakoan arriskuak hartzen ditugu, ero ere dei gaitzakete egoeraren arabera, bakarrik itxura (estetikoki) kontuan hartuz. Horregatik, antropologikoki begiratuta, taldearen barrenean ikustea, hain gustuko daukagun lan horretan, itxuraren ardura dago. Baina hemendik, denok onartu dezakegun ideia honetatik, pasatzen da esatera nolakoa izan behar duen ematea gustatzen zaigun itxura hori. Intelektualki zuhurragoa izango litzateke lehenengo iritzian geratzea (hau da, giza taldean balore estetikoak daukaten garrantziaren defentsan) eta ez hastea hain azkar normatiboa izaten. Punk mugimendua, iritzi normatibo honen aurkako adibide ona da, eta orokorrean edozein balore sistema klasikoren aurkakoa.
Estetikaren ontologia edo analisi filosofikoa ez egitearen ondorioa honako hau da: ezin dugula argi ikusi adibide askotan non dagoen morala eta estetikaren arteko muga. Eta ziur askotan muga hori, berez, anbiguoa edo iluna dela, baina ilunagoa bihurtzen du oraindik akats metodologiko honek. Gero eta gehiago ikusten dugu estetikako antologietan artearen ontologiaz diharduten artikuluak. Artea zer den eta zer ez den galdetzen dutenak, noraino ailegatzen den arte lanen izatea eta abar. Estetikaren oinarrietara doan honelako liburu batean, askok espero genuen antzerako hautura (oinarrizko estetikaren arazo kontzeptualera) joatea. Eta pena da horrela ez izatea.
Beraz, zer eskatu diezaiokegu liburuari? Oraindik konpondu eta landu gabe dagoen eremu batera idatzitako sarrera ona izatea. Eta horixe da. Hasi baino ez duela egin dio EEko ikerketa. Hori horrela dela uste dut nik ere, eta egin (ikertu, ikusi) behar diren gauzen artean estetikaren ontologia batean oinarriturik (arestian esan dudanez) EE hau artearekin dauzkan harremanak ikusi beharko genituzke.
Aitor izagirre
ILCLI
1 GOGOA, 8(2): 257-258
2 Allen Carlson & Sheila Lintott (arg.) Nature, Aesthetics, and Environmentalism: from Beauty to Duty, New York: Columbia University Press, 2008.